XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Jesus, Kasilda! Nolako galderak egiten dizkidazun!

Kasildak besotik hartu zuen adiskidea.

- Erantzun ezazu zuzendu dizudan galdera.

Emagaldua naiz, bai ala ez?

- Ez, Kasilda, ez! Nola esango nuke baietz? Nola dudatuko nuke zutaz?

- Badakizu, Milia, zer den emagaldua izatea? Diruaren truke gizon ezberdinekin oheratzea. Ez da horrela? - Bai.

- Ba, Milia, emagalduaren definizioa hori dela onartzen baduzu, horrelako baten aurrean zaude.

- Kasilda! Kasildak, bero, aurrera egin zuen, adiskidearen izua gora behera.

- Eta, nork daki horren berri? Nik eta nire ohaideek ez besterik.

Zuk zeuk ere, ene adiskiderik kutunenak, ez zenekien deus horretaz.

Miliak harriduraz begiratzen zion, entzuten ari zena sinestezinezkoa balitz bezala.

- Txantxetan ari zara, Kasilda.

Ene barnean mailu gogorrez jo nahi duzu, itzartu nadin.

- Egiaz mintzatzen zara itzartu nahi zaitudala diozunean, baina oker zaude txantxetan ari naizela uste baduzu.

Eman dizut aditzera ene patua aldatu nahi dudala, goikoek eramaten duten bizitze mailaz nik ere gozatu nahi dudala eta hori lortzeko erabili dezakedan aukera bakarra sexuarena da.

Ez daukat ez ondasunik, ez familia ospetsurik, ez adiskide boteretsurik, ez jakituria berezirik.

Nire doaiak ene soinean daude eta ez beste inon.

Emakume desiragarria naiz, Naturak eme atsegingarria sortu nau (...).